MAIATZAREN 1: 1886ko Chicagoko gertaerak

 

 

Maiatzaren 1ean Nazioarteko Langileen Eguna ospatzen da 1886ean Chicagon 8 orduko lanaldia eskuratzeko borrokaren harira frogarik gabe kondenatu zituzten 8 anarkisten omenez.

1884ean Amerikako Estatu Batuetako langile elkarte nagusiek 8 orduko lanaldiaren eskaera lortzeko ekimen bat adostu zuten: AEBtako estatu guztietan mobilizazioak burutzea eta 1886ko maiatzaren 1erako agintariengandik erantzunik jaso ezean greba orokorrera jotzea. 1886ean bertan AEBtako Andrew Johnson lehendakariak 8 orduko lanaldia ezartzen zuen Ingersoll Legea aldarrikatu zuen, baian estatu gehienetan ez zen neurria praktikara eraman. Horren ondorioz 1886ko maiatzaren 1ean AEBtako hiri nagusietan greba orokorrak burutu ziren, estatu askotan helburua lortu zutelarik.

Chicagoko hirian industria guztiak gelditu ziren nekazaritzarako makinak ekoizten zituen Mc Cormick lantegia ezik. Maiatzaren 3an lantegi horren aurrean grebalarien eta eskirolen artean liskarrak sortu zirenean poliziak langileak tirokatu zituen eta hoietako 6 hil egin zituen. Gertaera honek haserrea eta amorrua piztu zuen langilegoaren artean eta hura salatzeko hurrengo egunerako elkarretaratze bat antolatu zuten Chicagoko Haymarket enparantzan.

Maiatzaren 4ean 20.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Haymarket-en poliziaren basakeria salatzeko eta greba babesteko. Baimendutako ordua igarota konzentrazioak aurrera jarraitzen zuela ikusita, John Bonfield poliziburuak eta 180 poliziak bildutakoak indarrez sakabanatzen saiatu ziren. Orduan ezezagun batek lehergailu bat jaurti zuen polizien artera hoietako bat hilik suertatu zelarik. Poliziak jendearen aurka tiroka hasi ziren hamaika hildako eta zauritu eraginez. Hirian setio egoera inposatu zen eta ehundaka langile atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituen mendeku gose zebilen poliziak.

Hedabideek, agintari politikoek eta poliziak, bat eginik, gertakarien erantzunkizuna langile etorkinei eta anarkistei egotzi zieten, haien aurka neurri gogorrak eskatuz. Hiriko 31 langile eta anarkista ezagun auziperatu zituzten nahiz eta haien aurkako frogarik ez izan. Azkenean epaitutakoak 8 izan ziren, hoietatik 6 etorkinak, eta denak anarkistak.

Epaiketa 1886ko ekainaren 21ean ospatu zen eta aurreikusita zegoen bezela, nahiz eta auziperatuen aurkako frogarik ez izan zigor gogorrak ezarri ziren:

Samuel Fielden (ingelesa, 39 urte, ehungintzako langilea) eta Michael Schwab-ek (alemaniarra, 33 urte, tipografoa) bizi arteko espetxe zigorra jaso zuten eta Oscar Neebe-k (estatubatuarra, 36 urte, saltzailea) 15 urtetakoespetxe zigorra jaso zuen.

Beste bostak urkatuta hiltzera kondenatu eta 1887ko azaroaren 11an urkatu zituzten (Louis Lingg izan ezik, hau agintariek urkatua ez izateko bere buruaz beste egin zuen):

George Engel (alemaniarra, 50 urte, tipografoa), Adolf Fischer (alemaniarra, 30 urte, Kazetaria), Albert Parsons (estatubatuarra, 39 urte, kazetaria), August Spies (alemaniarra, 31 urte, kazetaria) eta Louis Lingg (alemaniarra, 22 urte, arotza).

Epaitegi aurrean auziperatuen adierazpenak:

Ez, ez gaituzte krimen bategatik heriotzera kondenatzen, hemen beste doinu batekin esan denagatik zigortzen gaituzte: anarkiagatik heriotzera kondenatzen gaituzte, eta gure printzipioengatik zigortzen gaituztenez, nik ozen ohiukatzen dut: Anarkista naiz! Mesprezatzen zaituztet; zuen ordena, zuen legeak, zuen indarra eta zuen agintea mespretzatzen ditut! Urkatu nazazue!   (Louis Lingg)

Inposatzen zaidan heriotz zigorraren aurka protesta egin behar dut ez dudalako inolako krimenik egin… baina neure ideia anarkistengatik, askatasunarekiko, berdintasunarekiko eta anaitasunarekiko neure maitasunarengatik urkatua izan behar badut, ez dut eragozpenik. Ozen diotsuet: hartu neure bizitza!   (Adolf Fischer)

Anarkiaren oinarrizko printzipioa soldataren abolizioa eta gauzatzen ari den gatazka konpondu dezakeen gaur egungo sistema industriala elkarlan aske unibertsalean oinarritutako beste batengatik ordezkatzea da. Egungo sistema errepresioaren bitartez bizi da, eta gu indarkeriazko sistema honen aurka langileen iraultza sozialaren aldeko aldarria egin dugu. Neure ideia anarkistengatik urkatuko banaute, ondo da: hil nazazue.   (Albert Parsons)

Categories: Anarkismoa, Langile mugimendua | Iruzkin bat utzi

Post-etan nabigatu

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

%d bloggers like this: