Jacques Tardi

1946eko abuztuaren 30ean Frantzian jaio zen, baina haren aita militarra zenez gaztaroa Alemanian eman zuen. Txikitatik I Mundu Gerran borrokatu zen bere aitonarengandik gerraren eta militarismoaren gaineko basakeriei buruzko istorioak jaso zituen, gerora haren lanetan eta jarrera antimilitaristan eragin handia izan zutenak. Gaztetatik ideia anarkistengandik gertu sentitu den arren eta anarkista askorekin harreman estua izan arren (Leo Malet, Lucio Urtubia…) ez da inoiz militante edo ekintzaile porrokatua izan, nahiz eta haren lanetan salaketa sozial eta politikoak pisu nabarmena izan.

Gaztetan Lyon-eko arte ederretako eskolan eta Paris-eko arte apaingarrien eskoletan ikasketak burutu ostean marrazkilari moduan lanean hasi zen. Lehenengo lanak 1969ean “Pilote” aldizkarian argitaratu zituen, Jean Giraud edo Serge De Beketch bezelako maisuek idatzitako istorio laburrak izan ziren. Bere lehenengo lan luzea 1972an argitaratu zuen, Pierre Christin-ek idatzitako “Rumeurs sur le Rouerge” istorioan oinarritutako komiki bat. Lan luze eta pertsonalak prestatzen zituen bitartean, bizimodua ateratzeko, hainbat egunkari eta aldizkaritan istorio laburrak marrazten ibili zen: “Liberation”, “Charlie mensuel”, etab.

1976ean Sud Ouest egunkarian oso famatua bihurtuko zen pertsonai baten istorioak argitaratzen hasi zen: misterioz, magiaz eta abenturaz  betetako Adele Blanc Sec  idazle eta ikertzailearen abenturak. Frantzian pertsonai honen oihartzuna  izugarria izan zen eta  2010ean Luc Besson zinemagileak haren abenturen gaineko 3 film egiteari ekin zion.

Garai berean antzeko arrakasta eman zion beste pertsonai baten abenturak marrazten hasi zen: Leo Malet idazle anarkistak idatzitako eleberri beltzetako protagonista den Nestor Burma ikertzailearenak. Tardik pertsonai honi buruzko eleberriez gain Malet-ek Pariseko auzune ezberdinetan girotu zituen misteriozko eleberriak ere komikira eman zituen.

Horrez gain, dokumentazio lan erraldoi batetan oinarrituta, I Mundu Gerran girotutako komiki ikusgarriak prestatu eta marraztu ditu – “Puta gerra” eta “Lubakietako gerra” -, eta 2001ean, Vatrin idazlearekin batera, 1871ko Pariseko Komunako prozesu iraultzaileari buruzko buruzko “Le cri du peuple” (“Herriaren garrasia”) lan mardula argitaratu zuen.

Tardi-ren lan guztiak, gaztelaniaz, Bartzelonako Norma argitaletxeak argitara eman ditu.

Categories: Biografiak, Filmak, Komikiak | Tags: , , | Iruzkin bat utzi

Hugo Pratt

(Venezian-Italia- 1927ean jaioa eta 1995ean hila)

Veneziako familia batetan jaiotakoa, haren familiaren aldetik bertako kondaira eta istorio miresgarrien artean hazi zen: Veneziako Errepublikaren istorioak,  Marco Polo-ren bidaiak, musulman eta judutarren ohiturak , Qabalah, Tarot-a, etab. Haren aitaren lana zela eta, gaztaroa italiar faxismoaren kolonia zen Etiopian pasatu zuen eta aitak behartuta bertako polizia kolonialean lan egin zuen. Bizipen hauetatik Afrikarekiko eta bidaiekiko zaletasuna piztu zitzaion Hugo gazteari. 1944ean Italiara itzuli zenean alemaniar SSak espioi bat zelakoan atxilotu egin zuten. Naziengandik ihes egin eta gero amerikar armadarentzat itzultzaile moduan lan egin zuen II Mundu Gerra amaitu arte.

Gerra ostean txikitatik maitatzen zituen komikiak marrazten hasi zen eta garai hartan Italian oso famatua zen “Asso di Piche” superheroiaren marrazkilarietako bat iristera heldu zen. Lan horrekin lortutako izenari esker 1949ean beste italiar komikilari batzuekin batera Argentinara joan zen, herrialde horretan “Abril” argitaletxeak abiatu zuen komiki sailean lan egitera. 1959 arte Argentinan lanean aritu zen, baina aldi berean Londreseko zenbait argitaletxeentzat II Mundu Gerran girotutako istorioak marrazten aritu zen, berezkoa duen estiloa egunetik egunera finduz.

1960ean bere jaioterrira itzuli zen, beti ere bidaiatzeari utzi gabe. 1967. urtean bere pertsonairik  kutunena eta ezagunena bilakatu zena sortu zuen: Corto Maltes. “Itsaso Gaziko balada” izenburuko lehenengo lan horren ondoren pertsonaiaren beste 12 liburu argitaratu zituen. Oso estimatuak dira ere Milo Manara marrazkilariarentzat idatzi zituen gidoi miresgarriak: “Gaucho” eta “Indiar uda”.

Categories: Biografiak, Komikiak | Iruzkin bat utzi

Renzo Novatore

(1890eko maiatzaren 12a – 1922ko azaroaren 29a)

Benetako izena Abele Rizieri Ferrari zuen, baina ezizen ugari erabili zituen: Mario Ferrento, Andrea dil Ferro, Sibilla Vane, Brunetta L´Incendiaria…

Liguria Italia iparraldeko eskualdean dagoen Arcola herrian, nekazari xume familia batetan jaio zen. Eskola ezin jasanda, hura utzi eta aitaren lurrak lantzen zituen bitartean bere kabuz, etengabeko irakurketaren bidez, bere burua alfabetatu eta hezi zuen. Bereziki filosofia eta poesia gogoko zituen: Nietzsche, Max Stirner, Georges Palante, Oscar Wilde, Henrik Ibsen, Charles Baudelaire, Errico Malatesta, Kropotkin, etab.

Gaztetatik Arcolan zeuden talde anarkistengana hurbildu zen, baina haren pentsamoldean erabakiorrena Max Stirner-en lanen irakurketa izan zen. 1908rako bere burua anarkista indibidualistatzat zuen.

1910eko maiatzaren 15eko gauean Arcolako elizari su eman zion taldeko kide izatea leporatuta atxilotu egin zuten. Haren aurkako froga garbirik ez bazen ere kontu honengatik hiru hilabetez preso egon zen. Hurrengo urtean ihesean ibili behar izan zuen poliziak lapurreta bategatik bilatzen zuela eta.

1914ean Italia iparraldeko hainbat aldizkari eta egunkari anarkistetan erregulartasunez idazten hasi zen.

Italia I. Mundu Gerran sartu zenean, gazte askori gertatu zitzaien bezela, Renzo indarrez armadan sartzera behartu zuten, baina handik gutxira, 1918ko apirilaren 26ean desertatu egin zuen eta iheslari moduan ibili zen atxilotu zuten arte. Epaitegi militar batek hiltzera kondenatu zuen arren, gerra amaitutakoan gobernuak desertorei amnistia bat eman zien eta Renzo bizirik eta libre gelditu zen.

“Bienio rosso” edo “biurteko gorria” bezela ezagutzen den 1919-1920 bitarteko garai gatazkatsuan, Dante Carnesecchi eta Tintino Persio Rasi bere kideekin batera Spezia eskualdean langileek burututako matxinada eta borroka iraultzaileetan parte hartu zuen. Borroka hoien garrantzia ulertzeko eskualde horretan Italiako base, biltegi eta industria militar nagusienak zeudela kontutan izan behar da.

Faxismoaren gorakadaren aurrean Renzo haien aurkako borrokari lotu zitzaion. Faxistak atzetik zituela Piamonte eskualdean faxistei aurre egiten zien Sante Pollastri lapurraren taldean sartu zen. 1922ko azaroaren 29an karabineroek Sante Pollastri akabatzeko prestatu zuten segada batetan Renzo tiroz hil egin zuten.

Haren idatzi nagusiak, bera hil ostean argitara eman ziren hiru liburutan jasota daude: “Verso il nulla creatore”, “Al di sopra dell´arco” eta “Il mio individualismo iconoclasta”. Hari buruz esaten zuten: “aingeru bat bezela idazten du, deabru baten antzera borrokatzen du”.

“Niretzat anarkia norbanakoaren garapenera iristeko bitarteko bat da; eta ez norbanakoa hura eskuratzeko bitartekoa. Hala balitz, anarkia ere mamu bat izango litzateke. Ahulek anarkia helburu sozial bategatik amesten duten bitartean, indartsuek anarkia haien norbanakotasuna garatzeko bitarteko bezela praktikatzen dute”

“Indibidualismoa, nik sentitzen eta ulertzen dudan moduan, ez du, ez sozialismoa, ez komunismoa, ez gizateria helburutzat. Indibidualismoak bere burua du helburutzat”

“Nik badakit, guk badakigu, izen hori merezi duten ehun gizonek, “antolatutako” berrogeitahamar mila arduragabek egin ezin dutena eta egin ezingo dutena egin dezaketela”

“Errico Malatesta gurtzen duten masak doilorrak eta ezgauzak dira. Gobernuak eta burgesiak badakite eta hortaz profitatzen dira”

Categories: Anarkismoa, Antifaxismoa, Biografiak | Iruzkin bat utzi

Marinus Van Der Lubbe

(1909ko urtarrilaren 13- 1934ko urtarrilaren 10)

Holandako Leiden hirian jaio zen. Haren ama ezkongabea eta langilea zenez haurtzaroa umezurtztegi publikoetan eman zuen, 14 urterekin igeltsero moduan lanean hasi zen arte.

Lanean langile elkarteekin harremanetan hasi zen eta 1925ean Holandako Alderdi Komunistan izena eman zuen. 1926ean lanean istripu bat izan zuen eta horren ondorioz ikusmen asko galdu zuenez lana galdu zuen. Ordutik aurrera garaiko langabetuen mugimenduan buru belarri aritu zen eta manifestaziotan zein greba askotan parte hartzeagatik atxilotua izan zen.

1929an alderdi barneko autoritarismoarekin eta askatasun faltarekin ados ez zegoenez Alderdi Komunista utzi zuen eta komunista antiautoritario edo konsejisten mugimendura hurbildu zen (komunismoan, lantegi zein nekazal lurrak langileek beraiek, batzar edo konsejoen bidez autogestionatu beharra defendatzen zutenak; Alemanian eta Holandan indartsua zena).

Garai horretan SESBra bidaiatzen saiatu zen, baina lortu ez zuenez Alemaniara, bertako mugimendu komunista iraultzailean borrokatzera joatea pentsatu zuen. Eta 1933an polizia atzetik zuela alde egitea lortu zuen.

1933ko otsailaren 27ko gauean, Berlinen, Alemaniako Reichstag edo parlamentuari su eman zioten eta eraikina kiskalita amaitu zuen. Poliziak Marinus gaztea Reichstagetik gertu atzeman zuen eta sutearen erantzule bezela atxilotu zuen. Gaztea era basatian torturatu egin zuten eta erasoaren erantzunkizuna aitortzen amaitu zuen, haren hitzetan bere ekintzarekin langilegoa boterean zeuden nazien aurka matxinatzera bultzatu nahi zuen.

Naziek gertaera hau mugimendu komunistaren aurkako propaganda kanpaina eta errepresioa abiatzeko erabili zuten, alderdi komunista debekatzeko eta haren kideak atxilotzeko.

Irregulartasunez betetako epaiketa batetan Marinus hiltzera kondenatu zuten eta 1934ko urtarrilaren 10, Leipzig-eko espetxean, gilotinarekin hil egin zuten.

Categories: Antifaxismoa, Biografiak | Iruzkin bat utzi

Martxoak 8. Emakumeen Nazioarteko Eguna

Data hau 1908ko martxoaren 8.ean New York hiriko “Cotton” izeneko ehungintza lantegian gertatutako sarraskia omentzeko aukeratu zen Emakume Langilearen Eguna ospatzeko.

“Cotton” lantegiko langileak, guztiak emakumeak eta etorkinak (alemaniarrak, judutarrak eta italiarrak), soldata baxuak eta lan baldintza gogorrak salatzeko 1908ko martxoan greban jarri ziren eta lantegian itxialdi bat hasi zuten. Lantegiko jabearen borreroek lehergailuak erabiliz lantegiari su eman zioten eta bertan zeuden langileetako 146 erreta edo itota hil egin ziren. Gogoratu beharra dago garaiotan  AEBtako iparekialdean sozialismoan eta anarkismoan oinarritutako langile mugimendu indartsua zegoela, Europatik heldutako etorkinen artean etorritako iheslari politikoen eraginez.

1909ko martxoaren 8.ean AEBtako emakume sozialistek Emakume Langilearen Eguna ospatu zuten lehenengo aldiz, aurreko urteko sarraskia gogoratzeko eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko borroka egun bat bultzatzeko asmoz.

1910ean Kopenhagen bildutako Emakume Sozialisten II. Konferentzian, Clara Zetkin alemaniar buruzagi komunistaren eta AEBtako emakumeen proposamen baten ondorioz, emakumeen eskubideak era koordinatuan aldarrikatzeko urtero Emakume Langilearen Nazioarteko Egun bat ospatzea adostu zuten. Borroka egun honetako aldarrikapenak:

-Bozkatzeko eta kargu publikoetan jarduteko eskubidea.

-Lan duin bat izateko eta lanbide heziketa jasotzeko eskubidea.

-Emakumeek jasaten dituzten diskriminazio ezberdinen aurkako neurriak.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna lehenengo aldiz 1911ko martxoaren 19an ospatu zen Alemania, Austria, Suiza eta Danimarkan (AEBtan martxoaren 8an ospatzen jarraitu zuten). Hurrengo urteetan beste herrialdeetan ere ospatuko zen eta gerora martxoaren 8ra aldatu zen Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren data.

Categories: Feminismoa, Langile mugimendua | Iruzkin bat utzi

HAROLD H. THOMPSON (1942-2008)

1942ko apirilaren 9an Ameriketako Estatu Batuetako Huntington herrian (Virginiako estatuan) jaio zen. Haren gurasoak irlandar etorkinak eta ezkertiarrak zirenez txikitatik Irlandako gatazka politikoaren berri izan zuen eta anarkismoarenganako interesa agertu zuen.  Askapen nazionalerako borrokekiko abegikortasuna – bereziki Irlanda eta Euskal Herriakoak zituen bihotzean- eta ideia anarkistak bere bizitza osoan mantedu zituen.

18 urterekin Vietnameko Gerran borrokatzera behartu zuten eta hartan zaurituta gertatu zen. Gerratik itzultzerakoan, “Vietnameko Beteranoak Gerraren aurka” elkartetik gudaren aurkako mugimenduan buru belarri ibili zen. Esperientzia hauen eraginez Haroldek sistematik at, eta haren aurka, bizitzeko erabaki irmoa hartu zuen. 1970eko hamarkadan, mugimendu iraultzaileak finantziatzeko eta bizimodua ateratzeko hainbat banku lapurtu zituen eta hainbat aldiz espetxeratua izan zen: Wisconsinen, Ohion, Georgian eta Tennesseen.

1978an poliziaren salatari zen Walter Douglas Crawley izeneko gaizkile batek  Harolden emazte-ohia erahil zuen, eta haien seme txikiaren testigantzari esker auziperatua izan zen. 1979ko urrian Crawley Harolden semea erahiltzen saiatu zen. Egun gutxitara Crawley Chattanoogako taberna batetan zegoenean, burua estalita zeraman gizon batek tirokatu eta hil egin zuen. Poliziak hilketa Haroldi leporatu zion eta handik hamar egunetara atxilotu egin zuten. Gertaera honengatik eta poliziarekin izandako tiroketa batengatik Haroldek bizi osorako espetxe zigorra eta beste 70 urtetako zigorra jaso zituen.

1986ean Haroldek zaindari bati erasotu, hura bahitu eta haren pistolarekin armatuta East Tennesseeko espetxetik ihes egiten saiatu zen. Saiakera honengatik beste 31 urtetako zigorra jaso zuen eta 5 urtez isolamenduko sail berezi batetan bakartuta egon zen.

1993ko uztailean, isolamendutik atera eta 15 hilabetetara, Haroldi ihesaldi berri bat prestatzea leporatu zioten eta berriro bakartu egin zuten. Egoera horretan egon zen 1995 arte.

Espetxe barnean Haroldek zuzenbide ikasketak burutu zituen eta beste presoentzako abokatu moduan –doan- lan egiten aritu zen. Aldi berean liburuzain moduan ere lanean aritu zen. Beti presoen aldeko talde anarkistekin (Gurutz Beltz Anarkistarekin bereziki) eta irlandarrekin harreman estua izan zuen, eta 2000. urtetik oso harreman estua izan zuen espainiar estatuan eta Euskal Herrian presoen alde borrokatzen ziren anarkistekin. Azken hauen bitartez hainbeste erakartzen eta miresten zuen euskal gatazkaren berri jasotzen zuen.

Arraza guztietako lagunei elkartasuna zein laguntza eskeintzeagatik eta anarkista izanagatik, Anaiarteko Arioa (AEBtan preso dauden arrazista txurien elkartea) talde arrazistak Haroldi heriotz mehatxuak egin zizkion. Elkarte arrazista horretako kideak hainbat aldiz saiatu ziren Harold erahiltzen, hiru alditan larriki zauritzea lortu zutelarik.

Harold 2008ko urriaren 11an hil zen West Tennesseeko espetxean jasandako bihotzeko baten ondorioz eta haren errautsak hainbeste maite zuen Ipar Irlandako Leagh Lakuan zabaldu zituzten.

Categories: Anarkismoa, Biografiak | Iruzkin bat utzi

Skin Head edo kaskamotzak

MOD mugimendua: 1958 inguruan Britainia Handiko ikasle gazteen artean sortutakoeta zabaldutako  mugimendua. Izena amerikar jazz musikaren korronte berrien jarraitzaileei ematen zitzaien “modernista” izenaren laburduratik dator. Bertan jatorri ezberdineko osagaiak nahastu ziren: iparamerikar eta jamaikar musika –jazz, soul, ska, rocksteady-, britainiar unibertsitatetako ikasleen janzkera – trajeak, fred perry eta ben sherman alkandorak eta kamisetak, etab.-, Lambretta eta Vespa italiar motorrak, zinemagile italiar eta frantses berriekiko interesa –Truffaut, Passolini-, iparamerikar “beat” idazleekiko zaletasuna – Kerouac, Burroughs, Ginsberg, etab.-, anfetaminen kontsumoa, etab. Klubetan biltzen ziren musika dantzatzera eta hoietan jamaikar jatorriko etorkin gazteekin, “rude boy”-ekin kontaktuan sartu ziren, haien musika – ska, rocksteady eta gerora reaggaea- eta marihuana erretzeko ohitura bereganatuz.  Mugimendu honi lotutako musika talde ezagunenak The Who eta The Jam dira, eta mugimenduaren osagarriak ezagun bihurtu zituen filma The Who taldekoek bultzatutako “Quadrophenia” izan zen.

HARD MOD (Mod gogorra): Langile klaseko gazteak mod mugimendura gerturatu zirenean haien inguruneko ohitura batzuk gehitu zizkioten mod kulturari: ilea motzago eramateko ohitura (hippyengandik bereizteko), Doc Marteens lanerako botak, tiranteak eta praka bakeroak, ideia ezkertiarrak eta  jarrera oldarkorragoa. Hauek “hard mod” bezela ezagunak izan ziren eta oso harreman estuak izan zituzten jamaikar jatorriko “rude boy”-ekin.

Pixkanaka pixkanaka, hard mod eta rude boy-en harremanetik eta nahasketatik, 1969 urterako, bi kulturetako elementuak jasotzen zituen gazte mugimendu berri bat sortu zen Britainia Handian: skinhead edo kaskamotzak.

1977an Inglaterran punk mugimendua sortu zenean, honek eragin handia izan zuen skinhead-en artean, bai janzkera mailan –galtza estuak, bomber jakak, jantzi militarrak, partxeak- bai musika mailan –“Oi!” Izeneko musika estiloarekin-, bai jarrera mailan. Oi!: “Hey you” esamoldetik eratorritako hitz hau skinhead-ek egindako punk musikari deitzeko erabiltzen da; “street music” bezela ere ezaguna da. Garai honetan sortutako skinhead ereduari “boot boy” ere deitzen zaio. Estilo honetako taldeak: Cockney Rejects, The Bussiness, 4Skins, Toy Dolls.

1970eko hamarkadan ere, skinhead mugimenduari lotuta, ska musikaren loraldi berri bat gertatu zen Britainia Handiko hainbat talderen eskutik -The Specials, Madness-, Two Tone (Bigarren doinua) bezela ezagutzen dena, eta reaggae jamaikar musikaren zabalpena eman zen.

1980ko hamarkada hasieran Britainia Handiak oso egoera gatazkatsua bizi izan zuen: mundu mailako krisialdiaren ondorioz langabeziak gora egin zuen, mehatzarien greba gogorrak gertatu ziren, Asiatik etorritako etorkin uholdea eman zen, “Malvinas Uhartetako Gerra” (1982ko apirila eta martxoa bitartean) Argentinaren aurka eta Ipar Irlandako gatazka armatua gogortu egin zen.

Giro nahasi horretan eskuin muturreko “National Front” (NF) alderdi faxista eta arrazistak, abertzaletasunaren eta etorkinen aurkako hizkera erabiliz, skinhead mugimenduko hainbat gazte haren ingurura erakarri zituen eta etorkinen aurkako indarkeria bultzatu zuen. Garapen honetan oso garrantzitsua izan zen Ian Stuart “Screwdriver” musika taldeko abeslaria eta NF-ko gaztedien buruaren lana.

Britainia Handian gertatutakoa beste herrialdetara zabaldu zen, skinhead itxurako gazte asko, eskuin muturreko eta nazi mugimenduekin nahastu egin ziren gaur egun –hedabideei esker- hain zabaldua dagoen nazien eta skinheaden arteko identifikazioa sortaraziz.

Faxisten zabalpenari aurre egiteko skinheaden artean hainbat talde antifaxista sortu ziren Britainia Handian eta AEBtan: ARA (Anti Racist Action, 1988), Red Action (1981), Anti Fascist Action (1985). Zabalduena eta garrantzitsuena 1987an New Yorken sortutako SHARP– Skin Heads Against Racial Prejudices (Kaskamotzak Aurreritzi  Arrazialen Aurka) izanik.

SHARP erakundean jarrera homofoboak eta eskuindarrak zeudela ikusita, New Yorkeko skinhead komunista eta anarkistek 1993an ezker muturreko erakunde iraultzaile bat sortu zuten: RASH-Red&Anarchist Skin Heads.

Categories: Antifaxismoa | Iruzkin bat utzi

Claudio Lavazza italiar anarkista

1954eko urriaren 4ean, Italia iparraldean dagoen Milan eskualdeko Cerro Maggiore herri txikian, langile famili batetan jaio eta hazi zen. 15 urterekin ikasketak utzi eta erreminta lantegi batetan lanean hasi zen. Aitari eta beste herrikidei entzundako II Mundu Gerrako eta partisanoen (partisanoak: nazi eta faxisten aurka borrokatu ziren italiar gerrilariak) istorioek liluratu egin zuten, faxista ohiak oraindik agintean ikusten zituen gazte hura. Laister ugazaben eta faxisten aurkako borrokarekin amesten hasi zen eta bere kabuz hortarako trebatzen hasi zen, klub batetan tiro praktikak egiten eta etxean egindako lehergailuak frogatuz.

1968-1969 urteetan ikasle eta langileen mobilizazio eta borrokek, ohiko alderdi politiko eta sindikatuen epelkeria gaindituta, muturreko mugimendu eta praktika antikapitalista berri baten sorrera eragin zuten: Autonomia (asanbladetan, autogestioan eta ekintza zuzenaren inguruan antolatutakoa). Faxisten eta polizi indarren gerra zikinari, jazarpenari eta indarkeriari aurre egiteko, eta garai hartan munduan indarrean zeuden gerrila ezkertiarren eraginez, Italian ezker muturreko ehundaka talde armatu sortu ziren: GAP (Talde Armatu Partisanoa), BR (Brigada Gorriak), NAP (Talde Armatu Proletarioak), AR (Ekintza Iraultzailea), PAC, etab.

Giro nahasi horretan, Claudio gaztea marxismo-leninismoaren klasikoak irakurtzen eta Milan hiriko mugimendu autonomoaren borroketan murgildu zen: manifak, okupazioak, asanbladak, kale borroka… Faxistekin izaten zituzten borroka gogorren harira arte martzialak praktikatzen hasi zen: kick boxing, jiu jitsu eta muai thai. Eta 1977 urte amaiera aldera kale borroketatik borroka armaturako jauzi eman zuen PAC (Proletario Armatuak Komunismoaren alde) taldean sartuz.

1979ko ekainean poliziak PACeko ezkutaleku eta arma-biltegi baten inguruan atxilotu zuen eta espetxera bidali zuten. Sei hilabete preso eman ostean ezustean baldintzapeko askatasuna eman zioten eta gurasoenera itzuli zen. Baina 1980ean PACeko kide ohi eta salatari baten akusazioen harira ihes egin eta klandestinitatera pasatu behar izan zuen.

1981ean errepresioaren eraginez desagertutako zenbait talde armatuetako kideek talde berri bat osatu zuten: COLP (Proletargoaren Askapenerako Antolatutako Komunistak). Horren helburuak preso zeuden kideei laguntzea eta ihes egiten laguntzea zen eta 1984 bitartean hainbat ekintza ikusgarri burutu zituen.

Errepresio zorrotzaren eraginez 1982ko otsailean Claudiok Parisera alde egin zuen. Garai horretan Italian epaitu eta 26 urtetako espetxe zigorrera kondenatu zuten.

Parisen, zergak sahiesteko haien dirua ezkutuan Suitzako bankuetara eramaten zuen enpresari talde batentzat “mezulari” moduan lanean aritu zen: Suitzara zihoazten turista eta eskiatzaileen artean mugaren alde batetik bestera diru-beltza garraiatzen. Hoietako bidai batetan Suitzako poliziek diru mordoarekin harrapatu zuten, eta haiengandik ihes egitea lortu bazuen ere poliziak Claudio identifikatu zuen eta gainean zeraman diruaren arrastoa jarraitu zuen: 1986ko uztailean Saint Nazare-ko Frantziako Bankutik lapurtutako dirua zen. Frantziako epaileek Claudiori banku lapurreta hori leporatu eta 30 urtetako espetxe zigorra ezarri zioten.

Frantzian jarraitzea arriskutsuegia bilakatu zenez, Claudiok Espainiara alde egin zuen eta garai batetan Italian ikasitakoaz baliatuz bankuak lapurtzeari ekin zion. Sasoi horretan Italiako anarkistekin harremanak estutu zituen.

1996eko abenduaren 18an, Kordobako hirian, banku lapurreta batetan zehar Claudio eta haren 3 kide (hoietako 2 italiar anarkistak) zaurituak eta atxilotuak izan ziren. Poliziarekin izandako tiroketetan Claudiok bi polizia erahil zituen. Gertaera hauengatik 48 urtetako zigorra jaso zuen.

Hasiera batetik Claudio eta haren kideak isolamenduan jarri zituzten, FIES (zaintza bereziko presoen fitxategia) erregimen berezipean. Claudio egoera horretan mantendu zuten 2006 urtera arte, anarkistekin duen loturarengatik eta FIES sailaren aurka presoek 1998-2002 urteen artean burutu zituzten mobilizazioen bultzatzaileetako bat izateagatik.

2000 urtean anarkistek zenbait hedabideetara, epaitegietara eta italiar enbaxadetara igorritako bonba paketeen atzean egotea leporatu zioten, gerora errugabetzat jo bazuten ere. Eta 2007an Granadako Albolote espetxeko kartzelero eskuindar batzuk Claudioren aurkako salaketa faltsuak egin zituzten baina euskal elkarte baten laguntzari esker muntaia bertan behera gelditu zen.

2008-2009 urteetan Claudiok bizi arteko espetxe zigorren aurka burututako ekimenean eta mobilizazioetan parte hartu zuen. 2007tik Claudio A Coruñako Teixeiro espetxean preso dago eta 2010ean hark idatzitako autobiografia hainbat hizkuntzatan argitaratu zen: “Autobiografia de un irreductible”.

PAC (Proletario Armatuak Komunismoaren alde)

1977 urtean Milan hiriko mugimendu autonomoaren aurkako errepresio bortitzaren garaian “Senza Galere” (Espetxerik gabe) aldizkariaren inguruan sortutako eztabaidaren ondorioz sortu zen talde armatua. Haren helburuak bi ziren: preso politiko eta iheslariei laguntzea (ihesak prestatuz, haien borrokak sostengatuz, abokatuak ordaintzeko dirua eskuratuz…) eta Estatuaren errepresio sistemaren aurkako erasoak burutzea (espetxeak, epaileak, polizia, kartzeleroak, salatariak…).

Hasiera batetan armak eta dirua lapurtzeari ekin zioten. Geroago espetxeen aurkako atentatuak burutu zituzten eta torturekin lotutako kartzelero zein poliziei hanketan tiroak eman zizkieten. 1979ean poliziaren txibato bat, espetxe bateko zaindarien burua eta polizia sekretuko kide bat erahil zituzten.

Taldea 1979ko udaberri eta uda bitartean kide eta laguntzaile gehienak atxilotu edo identifikatu zituztenean desegin zen.

COLP (Proletargoaren Askapenerako Antolatutako Komunistak)

70ko hamarkadako talde armatuetako kide ohiek 1981 urtean sortu zuten talde armatua (gehienak PACeko kide ohiak). Haren helburuak preso eta iheslariei laguntza ematea, presoak askatzea eta Estatuaren erakunde errepresiboei erasotzea ziren. Haren ekintza esanguratsuenak:

-1981/12/04. Frosinoneko espetxeari erasoa Cesare Batistti preso iraultzailea askatzeko.

-1982/01/03. Rovigoko espetxeari erasoa lau preso politiko askatzeko.

-1982/01/21. Sienan, banku lapurreta batetan zehar, Lucio di Giacomo ekintzailea eta bi polizia hilik suertatu ziren. COLPeko hainbat kide atxilotuak eta torturatuak izan ziren.

-1983/10/15. Parisen, banku lapurreta batetan, poliziak Ciro Rizzato ekintzailea hil zuen.

1984 urte hasieran gertatutako atxiloketen ondorioz taldea deseginda gelditu zen.

Categories: Anarkismoa, Biografiak | Iruzkin bat utzi

Artemio Zarco Apaolaza

(Donostia. 1930-2012)

Idazle eta abokatu donostiar famatu hau 1930ean Donostiako Egia auzoan jaio zen. Aita Granadatik etorritako arotz eta militante anarkista zuen eta ama  berriz Tabacaleran zigarroak biltzen lan egiten zuen emakume donostiarra. Gerra Zibilean, 1937an, aita galdu zuen Gorbeiako fronteko guduan eta bera, ama eta ani-arrebekin batera, Durangoren bonbardaketaren lekuko izan zen. Euskal lurrak faxisten eskuetan erortzear zeudenean familia osoa Bordelera erbesteratu zen eta bertan konzentrazio esparru batetan giltzaperatuta egon ziren. 1939ean nazien erasoaldiaren gertutasunagatik Donostiara itzuli ziren.

Artemiok zuzenbide ikasketak burutu zituen eta 1954ean abokatu moduan lan egiten hasi zen. Hasiera batetik militante antifrankisten, langileen eta preso politikoen defentsan aritu zen, agintari frankisten ezinikusia piztuz. 1968an ETAk Meliton Manzanas poliziburu eta torturatzailea erahil zuenean, agintariek euskal lurretan ezarri zuten “salbuespen egoera” garaian, Artemio Martuteneko espetxean hilabete batez sartu eta gero lau hilabetez Albarracin-en erbesteratu zuten. 1970ean ETAko militanteen aurka ospatu zen” Burgoseko epaiketa” sonatuan euskal militanteak defendatu zituen abokatu taldeko kide izan zen.

Musika klasikoaren eta pinturaren zale amorratua, bera ere margolaria, Juan Kruz Unzurrunzagarekin batera Donostiako “Altxerri” arte galeria ezagunaren sortzaileetako bat izan zen. Haren zaletasun bitxien artean egunero Kontxan igeri egitea zegoen.

Oso idazle oparoa izan da; zortzi liburu idatzi ditu: “De fusliamientos y clérigos al modo rabelesiano” (1978), “A la mayor gloria de Dios” (1983), “Doña Leona y sus abogados” (1991), “Los regocijos de la carne” (1991), “Cuentos orientales y crónicas occidentales” (2000), “Odiarás a tu enemigo” (2001), “Satiricón” (2005), “Ese final que os acecha” (2007). Kolumnista bezela GARA egunkariko igandeetako gehigarrian «Zazpika»n astero idatzi izan du.

2012ko urtarrilaren 3an Donostian zendu zen. Hilaren 10ean haren lagun (hoien artean Paco Ibañez abeslaria eta Miguel Castells abokatua) eta senideek omenaldi jendetsu eta bero bat egin zioten Donostiko EHUko Zuzenbide fakultateko areto nagusian.

Hari buruz GARAn -gaztelaniaz- idatzitako artikulo interesgarria:

http://www.gara.net/paperezkoa/20120105/313498/es/Fallece-Artemio-Zarco-abogado-francotirador-pluma/


Categories: Antifaxismoa, Biografiak | Iruzkin bat utzi

“Indomables”: emakume anarkisten erakundei buruzko dokumentala

Nafarroako ZerikusiA ekoiztetxe alternatiboak espainiar estatuko emakumeek XX mendean zehar sortutako “Mujeres Libres” erakundeari eta haren ekimenei buruzko dokumental interesgarri eta borobila burutu du. Bertan erakunde horren ibilbidearen jarraipena egiten da, haren sorrera eta une erabakiorrenak bizi izan zituzten emakumeei zein gaia sakontasunez ikertu duten historialari eta idazle bati egindako elkarrizketen bitartez. Bideoak irudi originalez gain antzestutako gertaera historikoak ere biltzen ditu. Dokumentala eskuratzeko edota haren aurkezpenak burutzeko: zerikusia@hotmail.es  edota 666433968 telefonoa

Dokumentalaren atalak ikustatzeko: http://www.rojoynegro.info/video/eje-violeta/documental-indomables-una-historia-mujeres-libres

presentacionIndomables

Categories: Anarkismoa, Feminismoa | Iruzkin bat utzi

Blog at WordPress.com.